XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JENE: KARABANA-HIRIA

Tumbuktu ezkutukoa bera baino ere liluragarriago iruditzen zait Jene.

Bertaraino heltzeko, Urtarrilean, irla bat bezala erreka-besoek inguraturik zegoela, ebano-egurrezko piragua zahar bat akuratu behar izan nuen.

Plaza handi bat zeukan buztin gorriz inguratua eta bertan minarete kurioso batzuk ostruka-arrautza bitxiz apaindurik.

Plaza horretatik begiraturik, musulman-munduko merkatal plaza handien ispilu leiala iruditu zitzaidan Jene.

Niger errekaren beso batean dago kokaturik, Mali inperioaren erdi-erdian.

Antigoala, karabanatan gameluek beren pausaje mantsoarekin bideetan zehar garraiatutako produkturik desberdinenak biltzen ziren bertan.

Sumaezin ahalako ezberdinak ziren han biltzen ziren produktuak: laboreak, olio-haziak, kola-hurrak, datilak, arrain lehortuak, txarro eztiak, ostruka-lumazko paketeak, elefante-letaginak, urre-agaxkak eta hautsa, burdin-barrak eta gatz-plakak.

Zerrenda honi, zoritxarrez, esklabu beltzak gehitu behar zaizkio, irabazi handiko trafiko-gaia dena.

Jene-ko merkatari aberatsek harrera fazatsuak eskaintzen zituzten beren etxe eder, arrosa-urrinez perfumatuetan.

Jene-ko damek eder-fama zuten eta festak ematen zizkieten, lurbirako lau bazterretatik berriekin zetozen bidaiariei.

(BIDAIARI BATEK).

Testuinguru honetan sortu zen K.a. III. mendean Jene-Jeno hiria Niger ibaiaren barne-delta baten inguruan.

Urtero urgaineztatzen zen lurralde honek elikagai-produkzio ugaria ematen zuen, arroza eta artatxikia bereziki.

Halaber, arraina eta ganadua ere franko zen delta honetan.

Guzti honek, artisautza, siderurgia eta merkataritzarekin batera, hiribizitzari bultzada itzela eman zion.

Honela, gure Aroaren 800. urtean 10.000 biztanle inguru zituen eta XII. mendean, inguruko etxaldeak kontatuz, 20.000ra iritxi zen.

Merkatal lurralde oso baten burua zen Jene.

Jene-Jenok, hortaz, Niger-en eta Sahara-ren artean, eragin bortitza izan zuen gure Aroaren lehen mendetik aurrera ireki zen distantzia handiko merkatalgoaren sortze eta finkapenean.

Data haietatik hona hirigintza aurreratu bat ezagutu zen mendebal Afrikan.

Merkatal joan-etorrien inguruetan ziren geraleku, bidagurutze, produkzio-zentru, merkatu, eta abarretan eraiki ziren hiriak: Tunbuktu XII. mendean, eta hausa herriaren XIV. mendeko zazpi hiri-estatuak, adibidez.